Albert Llovera – Elkarrizketa

BeasaingoMotorAsteburua (BMA) : Arratsalde on Albert, MILA ESKER Abenduaren 15 eta 16an gurera etortzeagatik!

Albert Llovera (ALL): Eskerrik asko zuei, deitu eta asteburu eder hontako kide izateagatik.

 

BMA: Irakurri berri dugu azkenean ez zarela Dakarrera joango. Zer gertatu da?

Albert Llovera (ALL): Bi arrazoi nagusi daude. Lehena motor mundu honetan denok beharrezkoa duguna, aurrekontua. Hamabost eguneko lasterketa honetan parte hartzeko urte osoko lana egin behar da diru bilketan eta egia esan ez da batere erraza. Beste arrazoi nagusia nire eskuena da. Bi ebakuntzen ondoren ongi nago baina eskuak minduta dauzkat eta medikuen gomendioei jaramon eginez beste helburu batzuetan pentsatzen hasia naiz.

 

Tatra kamioiarekin Dakarrean

 

BMA: Dakarra baztertuta, zein dira zure hurrengo erronkak?

ALL: 2019 rako hasiera batean aurrekontu on bat lortu nahi dut eta horretan ari naiz lanean. Helburu nagusia munduko rallycross txapelketa oso osorik egitea da, aurreko urtean lasterketa batzuetan bakarrik parte hartu bainuen, edota RX2 koetan gutxienez. Bestalde, beste aukera, kamioiekin Europako txapelketan lehiatzea da, talde alemaniar batekin. Kasu honetan ere beraien babesleen araberakoa da baina itxura oneko talde handia da eta oso proiektu erakargarria. Bien artean rallycross-a nahiago dut nahiz eta kamioiena ere gustuko izan.

 

BMA: Dakarra auto eta buggyekin, WRC munduko txapelketa, Quad txapelketak, jaitsieretako txirrinduak….Ba al dago oraindik gidatu ez duzun ibilgailurik?

ALL: Bai, egia esan bai, ibilgailu asko daude oraindik gidatu ez ditudanak baina horietako batzuk niretzako egokitu gabe daude oraindik eta zail xamarra da. Arlo honetan nahiko polifazetikoa naiz, asfaltoaz gain lur gaineko lasterketak ere gustuko ditut, WRC txapelketan ere gidatu dut, izotz gainean, buggya-rekin, quad-a, txirrindua…. ibilgailu asko dira bai, baina are eta gehiago gidatzea gustatuko litzaidake.

 

Andorrako pistetan txirrinduarekin jaitsiz

 

BMA: Eta bete ez duzun ametsik?

ALL: Amets asko ditut eta horietako batzuk betetzeko nahiko zailak. Ilargira joatea adibidez, bertan grabitate gabe, gurpildun ahulki gabe ibili ahal izango nuke, muleta moduko batzuekin saltoak emanez. Beste ametsetako bat goi mendi batera helikopteroz igo eta bertatik eskiatzen jaitsi ahal izatea da. Amets ia ezinezkoak dirudite, baina batek daki, egunen batean jejeje.

 

BMA: Zure izaera eta borrokagatik eredu zara alor askotan. Nola daramazu eredu izate hori?

ALL: Niretzat ohorea da erreferente izatea. Duela hogeitamar urte nire egoeran zegoen beste edonork niri erakustearen falta sumatu dut eta horregatik gustuko dut beste edozeini laguntzea. Garai haietan gurpildun aulkian bizi zen jendea ez zen hain aktiboa, etxean gelditzeko joera zegoen, baina trantsizio egoera baten erdian geunden, eta nire gertaerak modu batean ate indartsu bat zabaldu zuela esan dezaket. Gaur egunean, trantsizio hori igarota, jarduera ezberdinetan lehiatu edota gozatu dezakegu, eskian, tenisean…eta auto lasterketetan.

Erreferentea edonorentzat izan naitekeela uste dut. Hitzaldietan baikortasuna transmititzen saiatzen naiz, eguneroko tontakeriak ahaztu eta jarrera positiboaren bidez edozein gauza egitera edonor irits daitekeela erakusten saiatzen naiz.

 

Exoeskeletoarekin birgaitze saio batean

 

BMA: Zer esango zenioke zure egoeran dagoen neska-mutil gazte bati?

ALL: Batez ere gazteei pentsaera aldatzeko esango nieke, bizitza guztiz aldatu gabe, baina jarrera egokia edukiz bizitzaz gozatzen saiatzea eskatuko nieke. Kasualitatez gaude hemen, eta bizitza eta lagunez momentu oro disfrutatzeko gomendioa luzatuko nieke.

 

BMA: Momentu zailetan zeri eutsi?

ALL: Lehen esan bezala, etxean gelditu gabe, kalera irten eta lagun eta familiaren babesa baliatuz eguneroko bizitza egiten saiatu beharra dago. Lana egin, entrenatu, garagardo batzuk edan lagunekin eta jarrera baikorra izaten saiatu.

 

BMA: Zer eskainiko diguzu Beasaingo hitzaldian?

ALL: Bizitzan gertatu zaidana azaltzen saiatuko naiz. Aukerak baliatzearen garrantziaz hitz egingo dut. Askotan nahiz eta zalantza egin aukera horiei buruz eta batzuetan gustukoak ez izan, aurrera pausua eman eta abentura horiek aprobetxatzen saiatu beharra dago.

Estatu batuetan adibidez saskibaloi talde batean sartzeko proposatu zidaten, eta nahiz eta nik mugikortasun oso gutxi eduki, baiezkoa esan nuen eta WNBA-n jolastea lortu nuen. Duela urte batzuk, azken unean lasterketa baterako buggy gabe gelditu nintzen eta Dakarra kamioian egitea proposatu zidaten. Baten batek erotuta nagoela pentsatuko zuen baina ni Dakarrera joan nintzen kamioarekin parte hartzera.

Aukerak baliatzeaz datza gehienbat larunbateko hitzaldia.

 

Albert Llovera hitzaldi batean

 

BMA: Eta igande goizean Erauskin igoeran parte hartuko duzu. Irabaztera edo gozatzera?

ALL: Igande goizean gozatzera joango naiz. Aukera ederra da auto egokitua erakusteko, munduko txapelketan erabili dudan autoa da eta bolanteko mandoak edota balaztak ezagutarazteko ekitaldi aproposa da. Irabazteak borrokan jarraitzeko laguntzen du, baina batzuetan gozatzeak gehiago betetzen nau eta Beasaingo herritarrei ikuskizun polit bat emateko asmotan nago, autoa trabeska jarriz eta derrapatuz adibidez.

 

Beasainen ikusiko dugun Fiat Punto Abarth ikusgarria

 

BMA: Zer iruditzen zaizu gure asteburua, segurtasuna eta ikuskizuna partekatuz.

ALL: Helburu bikaina iruditzen zait ikuskizuna eta segurtasuna uztartzea. Askotan ikuskizuna begi txarrez ikusia dago, baina modu onean antolatuta eta arduratsu zein segurtasunez jokatu ezkero guztiz bateragarriak dira.

 

BMA: Eskerrik asko Albert gure galderak erantzuteagatik, zure zain gaude!

ALL: Eskerrik asko zuei nitaz gogoratzeagatik, eskerrik asko PCR ri autoarekin laguntzeagatik eta besarkada haundi bat denoi! Agur!

Infon bidalia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.